XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nabarmena da donostiarrek lortu dutela, beren sorterriari egin dizkioten laudorioak direla medio, espainiarrek hiria izendatzeko zeukaten izen ez oso txukun hura ahantzia izan dadin: zeruaren orinala. Euri asko egiten zuelako, 1801ean Humboldtek adierazi zuenez.

Urrezko maskorra

Beti harritu izan nau La Concha izen horrek. Irakurri izan diot, beste daturik ematen ez zuen idazle donostiar bati, izen gaskoia dela. Kontsultatu ahal izan ditudan gaskoi hiztegietan ez da inon ageri Concha hitzari hurbiltzen zaionik deus ere (counque, kapazitate neurria; councà, aditza, zer edo zer counque-ka neurtzea).

La Bahía de la Concha, bestalde, oso apelazio eder-gurakoa da, nola esango nuke... kurtsi ere bada, bai, idazle baten lana ematen du gehiago, herriarena baino. Polita izango litzateke aztertzea noiz aipatzen den lehenengoz La Concha hizkera arruntean, hau da, artikulu barruko testuetan edo albiste orokorretan, ez planoetan eta mapa zaharretan.

Hondartza promozionatu nahi zuen norbaiten asmazioa delakoan nago. Eta egingo nuke asmatzaile hori erdalduna izan zela, udatiar bat seguruenik. Izan ere, kontxa esan behar ote zion, itsas-karakolari erdaraz ere karrakela esateko adina adore daukan herri batek, bere hondartza nagusiari?

Txillardegik, Antigua izeneko liburu zoragarrian, Kolkoa proposatzen du Kontxa izendatzeko; proposatu baino, ez ote zen hori jatorrizko izena gure badia esateko, uzten digu susmoa.

Badugu orain ere! pentsatuko du batek baino gehiagok. Ez ote dugu, gauza guztiak euskaratu beharraren beharrez, jendea nazkatu egingo, azkenean?. Egon, zaudete pixka batean... Txillardegik ongi ezagutzen du euskara ez ezik Antigua ingurua ere, bertako semea dugu.

Berak dioenez, Antiguan bada Kolka-ene bat (Kolko-ene, arto-tik arta-buru egiten den antzera), eta beste bat barrurago, Egia aldean.